XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKAL HERRIKO ANTZERKI-BIRA

Teatro ibiltaria izango dugu epe motzean gure lurraldeetan.

Izan, jada, bada.

Denon ezagunak dira antzokiz antzoki antzerkia pasioan daramaten Herriz herri bezalako kanpainak.

Kantuz larri, lagunez urri, kritika onez eskas eta piura piskatxo bat hobetuz ari den Kakatua berdearentzat indartu izan zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak aretoz osaturiko katea.

Oraingoan Jaurlaritzarena da txanda.

Kultura Sailak zirkuitu berri bati ekingo dio uda baino lehenago.

Hiriburu, hiri, herri handi eta herrisketan barrena ibiliko dira bueltaka, biraka teatrero izugaitz horiek.

Ibiliko dira hortik, dorpe samar baina estilo sendoa darabilten Munstro sakratuak, Maskaradakoak, izan ere.

Ekinaren ekinez, Euskal Herri osoari egingo diote buelta inoiz baino finago eta guapoago dabiltzan Markeliñekoek.

Baita serio serioegi, akaso? diharduten Trapu Zaharra ganberro miragarri horiek.

Edota desNudos izan arren, teatro-soineko mamitsuz ikuskizuna hornitzen duten Eolo konpainia zahar berri Durangokoek....

Antzerkia tipi-tapa.

Izerditan, Euskal Herriko mendate guztiak igotzeko asmoz.

Jendea non, teatreroak hara.

Krisialdi luze eta ilun honen irteerarik ez omen da izango baina konpainia onean atseginagoa da tunel goibelaren erraietan sartzea.

Azpeitian egiten diren Euskadiko Antzerki Topaketek parte izango dute zirkuituan baina, aparte, urteetako nagia alboratu nahian, teatreroekin koproduzitzera joko dute eta ametsak amets, benetako topaleku eta inkluso feria bilakatu nahi dute aurten 12 urte beteko dituzten saio teatral hauek.

TB, TT, TZ

Betiko leloaz dihardugu.

Ohizko temari seko josita.

Tele Basura du izena gazteleraz.

Tele trash diote ingelesez.

Tele-zaborra esateko ez oztoporik, ez lotsarik, ez eragozpenik dugu guk.

Baina ez pentsa kasua larriegia denik.